XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berehala ezagutu zuen, eta besteak ere Elvis, bata bestearen aurrean gelditu eta ibiltzen segitu zuten, bakoitza bere bidetik, aurrekoan laino erdian gertatu zen bezalaxe.

Pauso batzu eta gero, Elvis geratu eta haurrari deitu zion.

- Kaixo! - bota zuen.

Haurra ere gelditu eta esan zuen:

- Kaixo !

Elurraren erdian egon ziren geldirik, une batean.

Ezin zuten ia elkar ikusi.

Elur malutek begien ñir-ñirra eragiten zien.

- Ezer nahi al zenuen? - galdegin zuen haurrak.

- Elvis Karlsson dut izena - esan zuen Elvisek.

- Magnus Lind da nire izena - esan zuen haurrak.

Gero, bakoitza bere aldetik joan eta ordundik ez zuen berriz ikusi, nahiz eta batzutan berataz pentsatzen duen.

Eta, orain, besterik gabe, Elvisek, Magnus Lind-i igorri behar diola postala esaten dio Torsteni.

Jakina, hori da egin behar duena.

Une honetan ez du beste inor postala bidaltzeko.

Torstenek kartazalean idatzi behar duena esaten dio, eta Elvisek Magnus Lind idazten du hizki larriz.

Eta helbidea?

Ez daki!

- Ez al dakizu zure lagunik minenaren helbidea? - galdetzen du Torstenek.

- Ez, orain oporretan dago, landetan - dio Elvisez, zalantzati.

- Orduan ez dakit - dio Torstenek pentsakor.

Lagundu nahi du.

Pena dela uste du Elvisek bere postal bakarra ezin dezala igorri.

Ea zein herrian dagoen ez dakien galdegiten dio Elvisi.

Elvisek buruarekin ukatzen du.

Torstenek, bera egondako herri-zerrenda bat esan eta Elvisi galdetzen dio ea horietako bat ez den.